XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ezer egin gabe, ordain ederra jaso dut behintzat....

- Tira Jose, berehala ahaztuko dugu gertatutakoa.

- Nartzabal zaharrari egin ziotena ere bai?.

Euxebik, besoetan hartu zuen alabatxoaren negarra bakarrik entzun zen une batetan Arantzetako sukaldean.

Gero, aita zaharra hasi zen hitzegiten: - Betiko kontua duk hemen gertatzen zaiguna.

Batzu eta hoietakoak dituk agintari, jauntxo eta nagusiak, nahi dituzten guztiak egin eta gu bezalakoak isilik egon behar.

Guk, gauzarik txikienean hutsegin ez gero berriz, zigorra galanta.

Nire bizitza guztian horrela ezagutu diat eta hemendik aurrera ere berdin gertatuko duk, ehun Nartzabalko Ander bezalakoak beren bizia eskaintzen badute ere.

Berriro, halako isiltasun bat nagusitu zen sukaldean, oraingoan Julene haurra ere bakean zela amaren magalean.

Josek, goserik ez zuela esanaz irten zuen sukaldetik eta beraren ondoren joan zen Euxebi, umea besoetan eramanaz.

Arantzeta zaharrak denbora gutxian jarraitu zuen bazkaltzen.

Halako korapilo bat egina zuen eztarrian eta harraskan platera utzi ondoren irten zuen atarira, norako asmoan zen ez zekiela.

Beraren haserrearen lehen ordaina, atariko txakurrak jaso zuen zaunkaz hastean.

Denbora izango zen lekuko, zenbat lan egin behar izan zuten neurtzeko beren baserrietan, bai Barrenetxeko Bernardok eta bai Arantzetako Josek, baina arazoak ugari sortuko zizkieten beren baserrien jabe zen Alzaga jaunak.

Ia hiru urtetik behin altxatzen zituzten baserrien nagusiek beren errentak eta Altzaga jaunak ere horrela egiten zuen, batez ere gaisotu zenetik eta beraren nagusitasuna semearen eskuetara pasatzean.

Berriro ere, ezberdintasunak sortzeko bidea zabalduko zen, nahiz eta aurreko iskanbilak gogoan izan, bai agintari eta bai jauntxoek.